EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNA
(2014-12-03)
EUSKARA EZ BADA, EZ
GARA.
EUSKARA, GEU GARA.
Elgoibarko Udalak hizkuntza-erabileraren aurtengo kale-neurketaren emaitzak aurkeztu ditu jada. Udalak bi urtetik behin egin ohi ditu horrelako neurketak, baina aurten berrikuntza bat izan da, Soziolinguistika Klusterrak egin baitu gure herriko euskararen kale-erabileraren neurketa, Udalak hala eskatuta.
Guztira, 2.254 elkarrizketa jaso dira eta horietan solaskide izan diren
6.246 herritarren jarduna. Oro har, elkarrizketen % 39,7 izan da euskaraz.
Jarraian dituzue jasotako emaitza nagusiak:
Elgoibarren, inguruko herrietan bezala, haurrak dira euskara gehien
erabiltzen dutenak (% 54,4). Ondoren, gazteak eta helduak parekaturik agertzen
zaizkigu, eta azkenik, adinekoak ditugu. Horren ondorioz, haurrak nagusi diren
giroa da euskaldunena, paseo eta jolaslekuetan erabilera % 52,3koa izanik.
Ondorio nagusi gisa, badirudi Elgoibarren euskararen erabilerak goia jo
duela, azken zortzi urteotan %40 ingurukoa izan baita erabilera, aldi berean,
kezkagarria da, batez ere, gazteen eta helduen erabilera eskasa, horietako asko
euskaldun alfabetatuak direla kontuan izanik.
ONDORIOAK
- Elgoibarko kaleetan entzundako elkarrizketetan 10etik 4k euskaraz egiten dute (%40).
- Euskara edo gaztellania ez diren beste hizkuntza batzuk ere entzun dira (arabiera, pakistandarra eta txinera), %2.
- Duela zortzi urte jasotako erabilera maila bera jaso da aurten ere.
- Txillardegiren formula matematikoaren arabera, eta Elgoibarko euskaldunen kopurua kontuan hartuta, espero daitekeen erabilera %27 da. Beraz, behatutako erabilera espero daitekeena baino altuagoa da.
- Giro batetik bestera alde nabarmenak daude euskararen erabileran. Paseo eta jolaslekuetan entzun da euskara gehien (%53) eta gutxien gazte giroan, txikiteoan eta erosketa giroan (%24 inguru). Tartean dira ikastetxeetako irteeretako erabilera (%46), eta etxetik kanpoko familia giroa (%38).
- Ikastetxeetako irteeretako datuen bataz bestekoa %46 bada ere, ikastetxe batetik bestera alde handiak daude. Ikasleen adinarekin lotura zuzena du ikastetxeetako irteeretan jasotako erabilera datu orokorrak.
- Oro har, neurtutako giro guztiak kontuan hartuta, haurrek (2-14 urte) gazteek (15-24 urte) baino dezente gehiago hitz egiten dute euskaraz; hurrenez hurren, %54 eta %34.
- Adinaren araberako hurrenkera honako hau da: Haurrek %54, helduek %35, gazteek %34 eta adinekoek %27.
- 2008tik hona haurren eta helduen erabilerak gora egin du, baina gazteen eta adinekoen erabilerak behera. Gazteen artean jaitsiera 9 puntukoa izan da.
- Gazteen erabileran jaitsiera eman da, baina badirudi nerabeen erabilera urria (ikastetxeetako irteeran neurtu dena) gero pixka bat berreskuratzen dela gazte helduen erabileran (txikiteo eta gazte giroan), %28 izatetik %55ekoa izatera pasatzen baita.
- Oro har, emakumezkoek (%43) gizonezkoek (%36) baino gehiago hitz egiten dute euskaraz kalean. Kontuan hartu behar dugu, dena den, emakumeen jarduna sarritan haurrekin hitz egiten jaso dela.
- Eta, haurren presentziak nabarmen areagotzen du euskararen erabilera. Nagusiak bakarrik daudenean erabilera %26koa da, eta haurrekin daudenean erabilera bikoiztu egiten da (%58).
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina